XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Manifestazioak ondo daude baina
EUSKARAZ ERE ESTRATEGIA ARGIAK BEHAR DITU (eta 4)
AZKENIK, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ taldearen agerraldia izan genuen aurreko bi igande direla.

Guztira berrehundaka pertsona, ETB-k eskuzabalez hirurehun bat izan zirela informatu bazuen ere.

Sarrerako atean zenbait tira-bira.

Beren agiria entregatzeko bi lagun sartzeko aukera eman genien.

Berek ezetz, gutxienez herrialde bakoitzeko bat, zazpi beraz (ala sei?).

Guk baietz erantzun eta hantxe geratu ziren desarmatuak.

Hura zirkoa.

Atearen errejak zirela eta, batek kartzela-giroa aurpegiratzen dizu (hala ere, erreja-barruan geundenak gu ginen).

Beste batek, bere senetik aterata zapalkuntza! ahozkatzen du.

Besteak traizioa aipatzen, eta han, manifestazioaren erdian, atzekaldean, zure lagunen aurpegiak ikusten dituzu, erdi lotsatuta.

Baina benetan erotu al gara?.

Hainbeste jende heldu eta seriok nola uzten dio bere izenean hitzegiten aurrenengo filako umemoko bocazas horri?.

Euskal Herrian Euskaraz, bistan da, ez da talde egituratua, informazioa falta zaio, kriston elukubrazioak egiten ditu, borondaterik ez zaio falta, eta, tristeena, sakon-sakonean, arrazoi du.

Hau da: Euskal Herriak euskara galdu dezake.

Baina euskara galduko ez badugu, bihotzaz gainera, inteligentzia gehiago demostratu beharko dugu.

Ekintza (Ez du gerrarik aipatuko) linguistikoek ere, beren estrategia eskatzen dute.

Ez eredu bila kanpora joan.

Oraindik ez bere historia euskaraz idazteko gauza izan, ez nobela aparteko bat burutzera heldu, ez kazetaritza underground-etik ateratzerik lortu ez duen herri txiker eta zarposo honetan, horra nun datozen hiru xemeiko demagogoak bi telebista-kate eskatzen, eta kataluniarren ejenplua aipatuz gainera.

Baina mutilak, ez al dakizue Katalunian ez dagoela oraindik hirugarren katerik eta, behar bada, ez dutela gainera, sekula santa laugarrenik lortuko ere? Zer ez ote genukeen entzungo zenbait ahoberoren esanetan baldin gu, katalanak bezalaxe arrankatu ezinik bageunde, eta berek, ordea, orain dela hamar hilabeteko telebista batez martxan.

Esanak esan, eta besterik demostratzen ez den bitartean, politiko barrabildunak (PNV-koak aurretik, nahiz zenbaiti gustatu ez) hemen daude eta ez Katalunian, eta telebistaren tradizioa eta profesionalak, Katalunian daude, eta ez hemen.

Esanak esan, ordua da esateko ere, ez dagoela Europa guztian, ez Britainia Haundian, ez eta Alemania Federalean ere, Euskal Telebistaren pareko eredu eta esperientziarik.

Hau ba, ez dagoela munduan, Euskadi ezik, bere telebistaren jaun eta jabe den Gobernu autonomorik, eta ez dela inon, herrian hitzegiten den nazio-hizkuntza eta telebistak darabilenaren arteko proporzioa Euskadin bezain nabarmena hizkuntza nazionalaren alde.

Eta gauza haundi bezala saldu izan dizkigun ejenpluak aipatuko baditugu, urtebete ez dela Galesko Telebistan %35 galesez ematen zela aurpegiratzen zigula Txillardegi on-hutsak.

Beraz Euskal Herrian Euskaraz-ko jaun-andreok, ilusiorik eta kemenik ez dizuet nik ukatuko.

Hala eta guztiz ere, gutxi dela gure herria euskaldunduko badugu...?.

Bapo, baina besteok ere ez dihardugu, gero, potrok jotzen.

Egunero antzesten dugu pastoralean baten bati tokatu behar zaio onaren papela eta besteren bati gaiztoarena, Eta nik behar dena asumitzeko gertu nago, baina mutilak, ez gaitezen beti inoren papera interpretatzen bizi.

Noizik behin komenigarri da estradutik atera; oinak ohol zalapartatsutik oihartzunik gabeko lur gorrera jaitsi eta nor ari den benetan lanean eta nork dituen beti eskuak pankartaren baten aitzikiaz okupaturik, ikusi.

Erbia hil, ez altzatu.

Gure burua abertzaletzat dugu guztiok nahi dugu EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ.

Baina Euskal Herrian Euskaraz taldeak jakin beharko luke: 1.- Zorionez edo zoritxarrez, euskalgintzan ari garen zenbaitzuk zer egiten dihardugun badakigu, eta ez gara inoiz EHE-k zer esango digunaren zain egon; are gutxiago ezer esango digunaren bildur.

2.- Kilometroak 83 antolaketaz egunkari beronetan Mikel Atxagak aipatu bezala, EHE arduradunei komenigarri zaie, beren mugimenduak sinesgarritasunik galdu ez dezan, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ izenburupean egiten diren gauza guztiak helburu honetatik kanpo ez nahastea.

Euskal Telebistan erdarazko informatibo batek izan ditzakeen kalteak edo ondorioak azaltzeko edota erabaki honen kontra agertzeko, Euskal Herrian Euskaraz deritzan mugimendu baten partaideek ez dute zer Lemoiz apurtu-ko elastikorik jantzi beharrik, eta ezta PNV-ren kontrako eraso demagogikorik egin beharrik ere.

Belarria erakustea inozoen ezaugarri da eta premiarik gabe bada, gainera, mokoloena izan daiteke.

3.- Arraultzak nahi badituzue ez, gero, oiloa hil.

Eta tortilarik nahi baduzue esan garbi.

Konfiantza apurtxo bat, mesedez.

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ izugarri arduratzen da ETB-n erdarazko telegunkariaz.

Hain argia izanik eta, ez dio bere buruari galdetzen zergatik ez da, esate baterako, oraindik, futboleko partidorik zuzenean eman, euskara etxe, sukalde, taberna eta bazter guztietan sartu ahal izateko.

Hau eta hau bezalako problemak dira gureak.

Zaudete lasai, gauzak konpontzen ez diren egunean nik neuk deituko dizuet-eta, Berotasunaren berotasunez ez gaitezen moxolo eta txilipito hutsak izan.

Eibarko edozein ehiztarik daki mendira erbia hiltzera joan behar dela, ez altxatzera.

Eta hau ulertzeko gauza ez denak hobe luke lizentziarik gabe etxean gelditzea.

Tontoa izatea gauza bat da, baina iniziatibaduna bada... libra gaitezen gaitzetik amen.

Guzti hau egiazko helburu eta bakarra EUSKAL HERRIAN EUSKERAZ, bada.

Besterik baldin bada, barkatu, ez dut ezer esan.

AMATIÑO.